Euskararen Gaitasun Agiria (EGA)
EGA azterketa euskal hiztun helduei zuzendua dago. Hala ere, gaur egun, urtean azterketa egiten duten 15.000 bat azterketarietatik, gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko (DBHOko) ikasketak bukatzen ari diren gazteak dira. Azterketari gehienek euskara dakite txikitatik, maila batean edo bestean; hala ere, azterketari guztietatik herena baino gehiago dira ama-hizkuntza gaztelania dutenak.
EGA azterketak azterketariaren hizkuntza-gaitasuna trebetasun guztietan C1 mailakoa ote den neurtzen du: EGAdunak, beraz, badaki euskaraz behar hainbateko trebetasunez, ahoz eta idatziz, baita Euskaltzaindiak erabakitako ortografia eta euskara batuaren arauak ere.
EGA azterketak hiru proba ditu:
Atariko Proba
Ehun item dituen aukera anitzeko galderak dira eta hizkuntzaren hainbat alderdi neurtzea du helburu: ahozko hizkuntza, lexikoa, morfosintaxia,... Proba gainditzeko 75 erantzun zuzen eman behar dira. Lehen zatia entzutezko ulermena neurtzeko da: grabazio bat entzun behar da eta horri buruzko 15 galdera erantzun. Ondoren, gainontzeko 85 item egiteko ordubete izaten da. Atariko Proba gainditzea ezinbestekoa da azterketaren hurrengo zatiak egin ahal izateko. Irakurgailu optikoz zuzentzen da.
Azterketa Idatzia
Entzumena. Ariketa bat du hasieran, aukera anitzeko galderen bitartez entzutezko ulermena neurtzeko.
Hamar aukera anitzeko item daude erantzuteko.Ondoren, bi ordu eta hogei minututan, honako ariketa hauek egin behar dira:
Idazlana. Gaurkotasuneko bi gai ematen dira aukeran. Azterketariak bat garatu behar du 300 bat hitzetan.
Esaldiak berridatzi. Emandako hamar esaldiak beste era batera idatzi behar dira, jarritako hitzak edo hitz-zatiak erabiliz.
Sinonimoak. Hamar esalditan seinalatutako hitzen baliokide bana idatzi behar da.
Irakurriaren ulermena. Erabilitako testuak egunkarietatik eta aldizkarietatik jasotakoak izaten dira.
Azterketa idatzi osoa gainditzeko atal horiek guztiak gainditu beharra dago, hau da, gutxieneko puntuazioa lortu behar da horietako bakoitzean.
Ahozko Azterketa
Bi ariketa egin behar ditu azterketariak: lehenbizikoan idatziz emandako gai baten laburpena egin behar du, eta bigarrenean, bi gai aukeran emanda, baten azalpena egin behar du. Guztira ordu erdi du azterketariak irakurri, apunteak hartu eta gidoiak prestatzeko. Ondoren, hamar minutu inguru ditu bi gaien azalpena egiteko. Bi aztertzaileren aurrean egin ohi da.
Honako alderdiak neurtzen dira:
-
Idatzizko hizkuntza eredu zuzenetik hurbil dagoen mintzamoldea erabiltzeko gaitasuna.
-
Azalpenak hizkera landuan emateko gaitasuna.
-
Azalpenen egokitasuna eta zehaztasuna.
-
Zuzentasuna, egituren eta ahoskeraren aldetik.
|