ALTE logo - click for home page
Back to list of ALTE members
 
About Alte Members Framework and Can-Do Quality assurance Projects Events & Information
Euskera

Eusko
Jaurlaritza

Azterketa
sistema

Euskararen
Gaitasun Agiria
(EGA)

 

Azterketa Sistema

Lanketa eta Pretesta

1.1. Materialen aukeraketa eta idazketa

Proba guztietako itemen lehenbiziko idazketa esperientziadun aztertzaileek egiten dute, Azterketa Batzorde Ofizialaren (ABOren) Zuzendaritzak eskatuta. Hainbat iturritatik aukeratzen dituzte itemak lantzeko materialak: bereziki egunkarietatik, aldizkarietatik, eleberrietatik eta irratietatik. Ondoren, ABOren Zuzendaritzari dagokio azterketa material guztiei azken onespena ematea, inprentara edo grabaketa-estudiora eraman aurretik. Horretarako, ABOren Zuzendaritzak aldez aurretik ikuskatzen ditu azterketa-materialak, zehatz-mehatz, EGAren eskakizun-mailari eusten diotela bermatzeko.

1.2 Pretestatzea

Gurea bezalako lurralde txiki batean (600.000 euskaldun inguru) materialak isilpean mantentzeko zailtasuna dela eta, ez dugu materialaren pretestatze zabalik egiten, baina Euskara Zerbitzuak atariko probaren hainbat analisi estatistiko helarazten dio ABOren Zuzendaritzari, azterketa egin ondoren.

Zuzenketa

2.1. Prozesua

Atariko Probaren aukera anitzeko itemak irakurgailu optikoaren bitartez zuzentzen dira. Euskara Zerbitzuko arduradunek, zuzenketa egin ondoren, EGA ataleko informatika-aplikaziora igortzen dituzte emaitzak.

Proba idatzian zuzenketa-irizpide bateratuak erabiltzen dituzte aztertzaileek, gidaliburuxka batean jasota daudenak. Gainera, aztertzaileek urtean zehar trebatze eta bateratze saioak egiten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldetan, ABOren Zuzendaritzaren gidaritzapean.

Ahozko atalari dagokionez, ABOren bi kidek elkarrizketatzen dituzte azterketariak banaka. Aztertzaile bakoitzak bere lana du: batak elkarrizketa gidatzen du eta besteak ebaluazioa du eginkizun nagusi, emaitza bien artean adosten badute ere.

2.2. Konprobaketak

Atariko Probaren zuzenketa automatikoa denez gero, erreklamazioak ez dira ohikoak. Hala ere, erreklamazioa egin dezake azterketariak emaitzarekin ados ez dagoenean. Halakoetan, erantzun-orria eskuz birzuzentzen da eta, ondoren, irakurgailu optikoaren emaitzarekin alderatzen da alderik ote dagoen egiaztatzeko.

Deialdi guztietan azterketa idatzien %20 inguru, zoriz aukeratuak, ABOren Zuzendaritzak bigarren aztertzaile bati eskuratzen dizkio berriro zuzen ditzan. Baldin eta bi zuzenketen artean notak alde handia badu, bi aztertzaileak bildu eta nota adosten dute. Akordiorik ez badago, Zuzendaritzako beste kide batek zuzendu eta erabakitzen du azken emaitza. Honezaz gain, aztertzaileak eskubidea du erreklamazioa egiteko, baita azterketa idatziaren zuzenketa ikusteko ere. Azterketa ikusi ondoren ere azken gorajotzea eskatzeko aukera du azterketariak.

Aurreko azterketa-zatietan bezala, erreklamazio-bidea du azterketariak. Horretarako bere ahozko azterketa graba dezake azterketariak eta ABOren esku utzi. Grabaketa azterketariak erreklamazioa egiten badu bakarrik erabiltzen da.

2.3. Emaitzak

Emaitzak www.hezkuntza.ej-gv.net webgunean argitaratzen dira, eta kontsulta banakakoa da, interesatuak bere burua kode batez identifikatu eta gero. Azterketariek EGA maila aitortzen duen agiria eskuragarri dute erreklamazio prozesua bukatu eta gutxira.

2.4. Ziurtasuna 

Azterketa prozesuaren pauso guztiak ziurtasun handiko kontrol-neurriekin babestuta daude. ABOren Zuzendaritzak eta Euskara Zerbitzuak prozedura osoaren bilakaera kontrolatzen dute zuzenean.

 

Top of the page